Miren Gorrotxategi

Gorrotxategi: “Demokrazia sendo batean, alderdi bateko txartela izateak ez luke abantaila izan behar lanpostu publiko bat lortzeko”

Gorrotxategi: “Demokrazia sendo batean, alderdi bateko txartela izateak ez luke abantaila izan behar lanpostu publiko bat lortzeko”

Elkarrekin Podemos-IU alderdiak gaur defendatu du, Gasteizko gardentasunari eta ustelkeriari buruzko ekitaldi batean, erakundeek herritar guztien zerbitzura egon behar dutela, eta ez gutxiengo baten zerbitzura.

 

Miren Gorrotxategi koalizio progresistaren lehendakarigaiak adierazi duenez, “Demokrazia sendo batean, alderdi baten txartela izateak ez luke abantaila izan behar lanpostu publiko bat lortzeko, eta gobernuan dagoen jendea ezagutzeak ez luke izan behar behin eta berriz kontratuak eta diru publikoa jasotzearen sinonimo”.

 

Hautagai progresistak ohartarazi duenez, “EAJ behin eta berriz saiatu da gu konbentzitzen ustelkeriaren eta nepotismoaren kontu hori ez zegoela Euskadin, halako “oasi” batean bizi ginela. Hala ere, azken legegintzaldi honetan bi adibide lotsagarri bizi izan ditugu; izan ere, boterean denbora luzean irauteak gobernuaren zintzotasuna kaltetu dezake”.

 

Gorrotxategik De Miguel kasuari buruz hitz egin du: “16 milioi euro baino gehiago kostatu zaigu lagunak ziren enpresarientzako iruzurrezko kontratuetan eta Arabako EAJko kargudunentzako eskupekoetan. Osasunean, hezkuntzan edo I+Gn inbertitu genezakeen dirua”.

 

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoari buruz ere hitz egin du, Osasun sailburuaren dimisioa eragin zuen “eskandaluari” buruz. “Benetako iraina da hainbeste jenderen ahaleginaren aurrean. Guztiok lotsarazten gaitu”.

 

Gorrotxategiren ustez, “EAJrentzat kasu isolatuak baino ez dira”. Baina hautagaiak “jokabide eredu kezkagarriak” identifikatu ditu. “EAJ eta gobernu erakundeak banatzen dituen lerroa lausoegia bihurtu da azken 40 urteotan.

 

Hedabideetan ikusten ditugun ustelkeria adibideak bezero sistema baten icebergaren punta baino ez dira, eta sistema horrek Euskadin bizi garen guztioi eragiten digu, gure bizitzako esparru guztietan”, gaineratu du.

 

Horrela, Gorrotxategik azaldu duenez, gardentasuna “gobernatzen gaituztenak eta ordezkatzen gaituztenak gehiengoaren interesen alde eta ez pribilegiatutako pertsona batzuen alde lan egiten ari direla ziurtatzen duen bermea da”.

 

“Gobernu sistema bat ez da demokratikoa, guztiz gardena ez bada”, adierazi du Gorrotxategik, eta iragarri du Elkarrekin Podemos-IUk gardentasunaren, herritarren parte-hartzearen eta gobernu egokirako asmo handiko legea onartzea bultzatuko duela, lau printzipiotan oinarrituta:

 

Lehenengoa, gobernuarekin zerikusia duen informazio guztia eskuragarri izatea. Bigarrena, herritar guztiek informazio hori eskuratzeko aukera izatea. Hirugarrena, informazioaren eragingarritasuna, “Herritarrek behar diren aldaketen buru izan daitezen”. Eta, azkenik, proportzionaltasuna: “Erakunde batek zenbat eta eragin handiagoa izan gure bizitzan, hainbat eta gardentasun handiagoren mendekotasuna izango du”.

 

Gorrotxategik aurreratu duenez, kontratu publikoen behatoki bat eta ustelkeriaren aurkako euskal fiskaltza bat irekiko dituzte, “benetan garbiak diren eta arauak betetzen dituzten erakundeen alde lan egiteko”.

 

Eta azkenik, lobby, bezero-sare eta ate birakarien aurkako plan espezifiko bat. “Onartezina delako politikariak erosten dituzten enpresak egotea, beraientzat lan egin dezaten eta ez jende gehienarentzat”.