Miren Gorrotxategi

Gorrotxategik ezkerreko hiru alderdiko gobernu bat aldarrikatzen du Euskadiren berreraikuntza kudeatzeko

“Ez dugu amore emango ezkerreko indarrek elkar ulertzeko beharrezko zubi guztiak eraiki arte”
Gorrotxategik ezkerreko hiru alderdiko gobernu bat aldarrikatzen du Euskadiren berreraikuntza kudeatzeko

Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigaiak, gaur goizean aldarrikatu du “Euskadiren berreraikuntza euskal gehiengo sozialarentzat kudeatuko duen ezkerreko hiru alderdiko gobernu bat”.

 

Koalizio aurrerakoiaren hautagaiak adierazi duenez, “une erabakigarrian gaude euskal politikagintzan”, eta “ezkerreko ahots ezberdinek elkar ulertzeko beharrezkoak diren zubi guztiak eraikitzeko prest” agertu da.

 

Horren ildotik, Gorrotxategik adierazi du “soilik Elkarrekin Podemos indartsu batekin gauzatu ahalko dela Euskadirentzako alternatiba bat”. Eta, hausnartzera deitu ditu EH Bildu eta PSE. “EH Bilduk alde batera utzi behar ditu epeltasunak, eta azken aste hauetako gertakari bandalikoak gaitzetsi ezbairik gabe”, argitu du hautagaiak, eta gaineratu duenez, ezker abertzaleak “ringaren txokotik atera behar du eta, Euskadiko gobernuan parte hartu nahi badu, indarkeria mota guztiak justifikatuta ez dauela uste dugunokin bat egin beharko du”.

 

“PSEk, bere aldetik, jakin behar du Madrilen hiru alderdi politikoen artean egindako urratsek inoiz baino gehiago ahalbidetzen dutela Euskadiko hiruko gobernu aurrerakoia gauzatzea uztailean bertan”, ohartarazi du Gorrotxategik. “Bere programarekiko koherentea eta leiala izatearen edo gehiengo sozialaren interesak ordezkatzen ez dituen eta patronalaren interesei lotuta dagoen EAJren itzalean bizitzen jarraitzearen artean aukeratu beharko du”, gaineratu du.

 

Hala, Gorrotxategiren esanetan, “Alderdi guztiok dakigu Confebask eta EAJ dardarka ari direla aukera horren aurrean. Alderdi politiko guztiok dakigu sindikatuak eta eragile sozialak itxaropentsu daudela horrekin”.

 

“Iragana ahaztu gabe, euskal gizarteak alderdi politikoei aspalditik eskatzen dieten itxaropen-etorkizuna eraiki behar dugu”, esan du amaitzeko.